25/1/16

Sestaoko ACB abian jarraitzearen aldeko neurriak eskatu ditu ELAk

ELAk galdatu dio Arcelorko Zuzendaritzari Sestaoko lanpostuei, baita azpikontratetakoei ere, eutsiko dien industria-proiektu bat aurkezteko.
               
Atzo, urtarrilak 21, ARCELOR-MITTAL multinazionalak jakinarazi zien Sestaoko langileen ordezkariei lantegi hura geldialdi mugagabean geratuko dela.
 
Erabaki hori oso larria da; izan ere, zuzeneko lanpostuak eta ohiko azpikontratetakoak batuta 500etik gora lanpostu geratuko dira arriskuan.
 
Multinazionalak azaroan langileen ordezkariei jakinarazi ziena, ordea, oso bestelakoa izan zen, orduan, 2016ko lehen seihilekorako, ACBk 350.000 tonako lan-karga zuela esan baitzien. Baina Arcelor-Mittal bezalako enpresen aurreikuspenak ez dira balio handikoak, zeren gaur esandakoaren arabera, ekoizpen hori Asturiasera eta Fosera (Frantzia) desbideratuko da. Oraingo hau multinazionalaren erabaki estrategikoa izan da, soil-soilik bere interesen bila, langileengan izango duen eragina kontuan hartu gabe.
 
ELAk galdatu dio Arcelorko Zuzendaritzari Sestaoko lanpostuei, baita azpikontratetakoei ere, eutsiko dien industria-proiektu bat aurkezteko.
 
Lantegi horretako jarduera etetea oso albiste txarra da, plantillarentzat ez ezik, eskualde osoarentzat ere bai; Ezkerraldeak oso gogor jasan baitu krisiaren eragina, Euskal Herriko langabezia-tasarik handienetarikoa izateraino heldu da-eta.
 
Zoritxarrez berri hori ez da izan ustekabeko gertaera bat ELArentzat. BBKk eta Eusko Jaurlaritzak 2011. urtean lehengo ACBtik ateratzea formalizatu zutenean, Arcelorrek konpromisoa hartu zuen bi erakunde horiekin 2016ra arte jardunean jarraitzeko. Bada garaia erakundeentzat eta sindikatuontzat apustu sendo bat egiteko, ACB abian jarraitzearen alde.